Joan edukira

    Espezie inbaditzaileak

    Espezie inbaditzaileak horrela definitu daitezke: behin gizakiak haien hedapen esparru normaletatik aterata esparru berrietako bizitzara egokitu eta bertako inguru naturaletan kokatzea lortzen dutenak. Gehienak aldaketa ezkorrak dakartzate kolonizatutako eremuetan.

    UICNaren arabera Espezie inbaditzaileak dira munduko biodibertsitaterako bigarren mehatxurik larriena, habitat naturalen suntsiketaren atzetik.

    Euskadin ingurune urtarrak eta bere ekosistema-kideak dira espezie inbaditzaileek nahiago  dituzten guneak. Adibide moduan aipatu daiteke jadanik gure lurraldeetan finkatu diren 20 animali espezieetatik 19k gune hauek aukeratzen dituzte besteen gainetik bizitoki moduan edo behintzat lehentasuna dute beraientzat. Landare inbaditzaileek ere ingurune urtarrak aukeratzen dituzte bizitzeko ekosistema lurtarrak baino.

    Arazo anitz eta mota ezberdinetako kalteak eragiten dituzte, espezie inbaditzaileek tokiko komunitate biologikoei eragiten baitiete honako hauek sortuz: bertoko espezieak mugitzea, hibridazioa eta gene nahasketa, aldaketak ekosistemetan edota kalteak azpiegitura eta ekipamenduetan: hainbat arrain espezie dagoeneko dezente zabaldu dira Euskadiko ibai askotan eta fauna nabarmen eraldatu dute; kanpoko karramarroek ekarritako gaitz batek bertako karramarro populazioak txikitu egin ditu; zebra muskuiluak kalte ekologiko eta ekonomikoak sortzen hasia da.

    Azken urteetan Uraren Euskal Agentziak buru belarri dihardu Euskadiko ur masei eragin dieten espezi inbaditzaileen aurka, batez ere Fallopia japónica eta zebra muskuiluaren aurkako lanetan. Lehenengoa gure lurraldera orain dela gutxi heldutako espeziea da, baina jadanik kantauriar isurialdean ibaiertz zati handiak kolonizatu ditu. Agentziak espezie honen aurka abian jarritako ekimenak bideratuak daude jadanik finkatuak dauden populazioak kentzera eta erriberako landaredi naturala indartzera lan egiten den guneetan. Zebra muskuiluari dagokionez, espezie hau kudeatzea konplexua dela kontuan izanda, martxan jarri den ekimen sorta bideratua dago espezie honen hedapena gelditu eta ingumen eta jarduera ekonomikoetan dituen kalteak murriztera.

    Halaber, Uraren Euskal Agentzia lanean ari da gure ibaiei eragiten dieten beste espezie batzuk kentzeko; hain zuzen ere, budleia (Buddleja davidii), Panpako luma-mototsa (Cortaderia selloana), akazia faltsua (Robinia pseudoacacia), kanabera (Arundo donax) eta Baccharis halimifolia.

    EAEko ibai-eremuetan landare espezie inbaditzaileak kudeatzeko jardunbide egokien gidaliburua, espezieak bertatik bertara ezagutzeko.

    Azkenik, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren garapen, jasangarritasun eta Ingurumen Sailak espezie inbaditzaileen arlo honetan egiten duen lanari buruz informazio gehiago ere eskaintzen du.