Joan edukira

    URA Mendizabal presa txikia eraisten hasi da, Iurreta eta Durango artean

    Argitalpen-data: 

    Mendizabal presa txikia
    • Jarduketak gutxinaka kenduko du Ibaizabal ibaian dagoen presa txiki zaharra, horrek gaitasun hidraulikoa handituko du hiri-ingurunean ibaia igarotzen den tartean, eta jarraitasun ekologikoa berreskuratuko du.
    • Lanak bi fasetan burutuko dira eta 141.191 (BEZa barne) euroko aurrekontu du.

    Uraren Euskal Agentziak- URAk (Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasunaren sailera atxikita) Mendizabal presa eraisteko lanak hasi ditu; Ibaizabal ibaian kokatuta dagoena, Montoiko zubiaren azpian, Iurreta eta Durango artean, hain zuzen ere. Jarduketaren helburua da ibaiaren jarrera hidraulikoa hobetzea ur- goraldietan eta, aldi berean, jarraitasun ekologikoa berreskuratzea.

    Presa txikia, 1860an eraikita— gaur egun ez da erabiltzen eta ez du ondare-babesik—, bere garaian Ibaizabal ibaiaren urak igotzen eta desbideratzen zituen, ezkerreko ertzean kokatuta zegoen errota zaharrari indar hidraulikoa emateko. Gaur egun, ordea, ibaiaren zeharkako oztopo bat da: emariaren erregimen naturala aldatzen du, sedimentuen garraioa eta arrainen mugimendua zailtzen ditu, eta uraldi garaian ur-laminaren maila igotzen du.

    Esku-hartzeari esker, Iurreta eta Durango artean dagoen Ibaizabalen bi kilometro inguruko tartea iragazkor bihurtuko da. Era berean, Iurretako Uholde Arrisku Potentzial Esanguratsuko Eremuan (UAPE) uholde-arriskua murrizten lagunduko du. Jarduketa hau 2022-2027 Uholde Arriskuaren Kudeaketa Planeko neurrietako bat da, eta URAk 2023ko azaroaren 2an Iurretako Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenean hartutako konpromisoen barruan dago.

    Lehen fasean, uda honetan egin dena, zubiko hiru baoetan irekitze txikiak egin dira, tarteko kota batera iritsi arte. Presa txikiak sortutako geldikina murriztu ondoren, zubiaren zimenduen egoera egiaztatuko da eta behin betiko kotak zehaztuko dira. Ondoren, bigarren fasean, erdiko eta ezkerreko baoen eskotaduretan sakonduko da.

    Presak 28 metroko luzaera du, 2 metroko zabalera eta 1,5 metroko altuera ibilgutik, zubiko hiru baoen azpian banatzen da. Presa txikiaren ezaugarriak, antzinatasuna eta zubiaren azpian kokatuta dagoela aintzat hartuta, eraispena modu progresiboan egitea erabaki da, presaren gorputzean koskak edo irekidurak eginez.

    Lan horiek egiteko, eremu lehorrak sortu dira big-bag poltsen bidez. Tamaina handiko poltsa malgu horiek agregakinez betetzen dira, emaria eutsi eta lanak egiteko gune iragazgaitz eta lehor bat sortzeko. Horrela, une oro zubiaren baoetako bat libre mantenduko da urak zirkulatu ahal izateko.

    Bi faseek 141.191,22 (BEZa barne) euroko aurrekontua dura. Sei asteko epea aurreikusten da lehenengo faserako, eta beste bost aste bigarren faserako.

    Uholde-arriskua murrizteaz gain, jarduketak Ibaizabalen tarte horretan baldintza naturalagoak berreskuratzea ahalbidetuko du. Oztopoa kentzeak ibaiaren jarraitasun hobetuko du, espezieen mugikortasuna erraztuko du, sedimentuen dinamika naturala sustatuko du eta habitataren ezaugarri fisikoak lehengoratzen lagunduko du.