- Jarduketak 126 metroko ibilgu naturalizatua sortu du, errota zaharraren presa txikia mantentzeko eta ibaiaren jarraitasun ekologikoa berreskuratzeko
- Horrekin batera, erriberako basoa berreskuratu da eta hainbat espezien babeserako habitatak sortu dira
Uraren Euskal Agentziak- URAk (Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuna sailera atxikita) amaitu du Zadorra ibaian, Armiñonen, egindako lehengoratze lanak. Jarduketaren helburua izan da, errota zaharraren presa txikiaren inguruan, ibilguaren jarraitasun ekologikoa hobetzea eta ibai-ekosistemaren funtzionaltasun naturala berreskuratzea
“Jarduketa batzuk, nahiz eta lan handiak ez izan, izugarrizko ingurumen balioa dute. Armiñonen, eraikitzen ari garena ez da soilik arrainentzako pasabide bat. Baizik era ibaiaren – historiko bat zuzentzen ari gara, jarraitasun ekologikoa berreskuratuz, eta animalia espezieentzako eta erriberako landarediarentzako gune berriak sortuz. Beraz, ibaia Zadorra egoera naturalizatuagoan funtzionatzeko laguntzen ari gara” adierazi du Asier Lopez Etxebarriak, Uraren Euskal Agentziako – URAko zuzendari nagusiak.
Proiektua gure ibai askotan ohikoa den egoera batetik abiatu da: historian zehar egindako eraldaketek eta oztopoek ibaiaren morfologia aldatu dute eta fauna urtarraren mugimendua zaildu dute. Kasu honetan, Zadorra ibaian dagoen presa, errota batera ura bideratzeko eraiki zena, korridore urtarraren jarraitutasuna eteten duen elementua da eta arrainen mugikortasuna zailtzen du.
Horregatik, presa-txikia mantentzea eta ibaiaren jarraitasuna nabarmen hobetzea erabaki da. Horretarako, ezkerraldean 126 metro inguruko luzera duen ibilgu naturalizatu alternatibo bat eraiki da. Ibilgu hrrek presak sortzen duen desnibela gainditzen du, ibai txiki baten ezaugarriak kopiatzen dituen trazadura baten bidez.
Igarobide berriak hainbat kurba ditu (meandro), legarrezko hondoa eta landarez lehengoratutako ertzak, eta arrainen mugimendurako baldintza hidrauliko egokiak eskaintzen ditu. Diseinuan erreferentziazko espezie gisa madrila hartu da, haren igeri egiteko gaitasunarekin bateragarriak diren ur-laster abiadurak ezarriz.
Ibilgu berria ibaiaren ezkerraldetik doa, eta haren eta Zadorraren artean uharte txiki bat sortzen da. Horrela, presak eragiten duen oztopoa gainditzeaz gain, hainbat espezieren aterpe eta atsedenleku izateko habitat egokia ere sortu da.
Presio hidromorfologikoei aurre eginez
Jarduketa honek ibaien egoera ekologikoa baldintzatzen duten presioetako bati erantzuten dio: alterazio hidromorfologikoei, hau da, ibai-sistemaren forma, jarraitutasuna eta funtzionamendu fisikoa aldatzen dituzten eraldaketei.
Ibai bat lehengoratzeak eraldaketa horietan jardutea ere esan nahi du. Jarraitutasuna berreskuratzeak, ibaiertzak naturalago bihurtzeak eta habitat-aniztasuna handitzeak flora eta faunarentzako baldintza hobeak sortzen ditu.
Armiñongo esku-hartzearen ingurumen-balioa arrainen mugimendua errazteaz harago doa. Horretarako, ibaiertzeko landaredia lehengoratu da inguruko espezie autoktonoen bidez: hainbat sahats-espezieren aldaxkak landatu dira, eta zuhaitz eta zuhaixken artean haltz beltza, sahats zuria, lizarra, elorri beltza, elorri zuria, otsalizarra eta intsusa landatu dira, landaketak ibaiertzeko formazio naturaletara ahalik eta gehien egokituz.
Gainera, egur hilaren presentziarekin lotutako habitat berriak sortu dira. Izan ere, antropizatutako eremuetatik hurbil dauden ibaiertzeko basoetan elementu hori eskasa izan ohi da. Horretarako, bertako makalditik ateratako enborrak berrerabili dira eta hamar enbor hil zutik instalatu dira. Habitat horiek ornogabeentzat, okilentzat (zuloetan habia egiten duten hegaztiak) eta kiropteroentzat (saguzarrentzat) bereziki baliagarriak izango dira.
Zadorra ibaiko KBEa: ingurumen-balio handiko gunea
Jarduketa Natura 2000 Sareko Zadorra ibaiko Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE) gauzatu da. Gune horretan ibai-ekosistema, habitat urtarrak eta ibaiertzeko basoa kontserbazio-elementu nagusiak dira.
Era berean, interes bereziko espezie ugari bizi dira bertan, hala nola ur-ipurtatsa, igaraba, ibai-kabuxa, eta arrain-komunitateko zein ibai-hegaztien komunitateko hainbat espezie.

