URAk datorren urtarrilean hasiko ditu Zarauzko Olaa eta Iñurritza errekastoetan uholdeei aurre egiteko eta leheneratzeko proiektuan bildutako lanak: Olaako errekastoan (autopistaren hegoaldean) ibilgua 660 metrotan bideratuko da atari zabalean, zein Iñurritza errekastoan (Irita zonaldean) ingurumen-leheneratzea lortzeko, 258 metroko ibai-bideratze zahar bat kenduko da. Lanok 4.462.005,32 €tan esleitu zaizkio Construcciones Moyua-ri, eta egikaritzeko epea 20 hilabetekoa da.
Aurreikusitako lanok zonalde horietan uholdeen erasanak murriztuko dituzte, errekastoari 350 metro luzerako estaldura bat kenduz, eta 660 metro luzerako tarte bat bideratuz, ibilguaren ibai-ohea naturala aintzat hartuta. Lanokin, ibilguak 500 urteko errepikatze-denborako ur-goraldien emariei eusteko ahalmena izango du.
Ibilguan eraikiko den zabalera berria kontuan hartuta, ezinbestekoa izango da bi zubi eraikitzea (Iturreko kaxa-habea, eta Urragako zubia). Halaber, ingurumen-leheneratzea lortzeko lanak egingo dira, ibai-bideratze berrian bioingenieritza lanak erabiliz.
Kilometro bat errekastoan behera, Iritako zonaldean, Iñurritzako errekastoaren ingurumen-leheneratzea lortzeko, 258 metro luzerako tarte bateko bideratze zaharra kenduko da eskuineko ertzean, birlandatutako ezponda berri bat eraikiko da ezkerreko ertzean, hezegune zabal bat eraikiko da, oinezkoentzako ibilbide eta zubitxo bat egingo da, eta zonaldeari legokion forma eta landaredia berreskuratzeko bioingenieritza lanak erabiliko dira.
Ernesto Martínez de Cabredok azpimarratu duenez “lanok uholde naturalen eraginpean jarritako erabilera horiek babestea ahalbidetuko digute; era berean, Olaa eta Iñurritza errekastoen ertzetan ingurumen leheneratze lan nabarmenak egin ahalko ditugu”.
Udal ingurumen zinegotzi zarauztar Gloria Vázquezek azpimarratu duenez: “garrantzitsua da oso eraztun berde-urdinaren barnean den Iritako hezegunearen berreskuratzea. Bai berariazko ingurumen-balioengatik, bai klima-aldaketaren balizko erasanak baretzeko ekarpenengatik, bai herriko uholdeak kudeatzeko lagun dezakeelako”.
Zonalde horretan diren enpresek arrisku nabarmena pairatzen dute, uholdeak natural bere egin behar dituen zonalde batean baitaude. “Uholdeei aurre egiteko edozein lanek gogorarazten digutenez, aurrerantzean, ezin dugu baimendu erabilera sentikor edota kalteberarik (etxebizitzak, oinarrizko zerbitzuak, jarduera ekonomikoak) uholdeak bere egin behar duen zonaldetan: gaur defendatu beharreko Errotaberriko kasu berririk gerta ez dakigun. Uholdeek erasanik sor ez dezaten, ezinbestekoa da bere egiten dituzten eremuetan sar ez gaitezen. Ez dezagun handitu etorkizunean defendatu beharreko uholde arriskua duten zonaldeen zerrenda. Hori egin ezean, bada, baliabide publikoak xahutu beharko ditugu etorkizunean, eta, bestalde, ibaiari erasanak sortuko dizkiogu”.
Ibilguaren eta Iritako padura ohiaren ingurumen-leheneratzea
Uholdeei aurre egiteaz haratago, lanok 350metroko estaldura bat kendu eta Olaako errekastoa bideratuko dute atari zabalean, mota anitzetako paretak baliatuz, eta ibai-ohea aintzat hartuz. Halaber, Iritako paduran, bideratze zahar baten eskuin ertzeko pareta kenduko dute, 258 metrokoa.
Lanok eremuan ahalik eta hoberen txertatze aldera, aurreikusi da honakoak ere egitea: belar-landatzeak, aldameneko berdeguneetan zuhaitz-landatzeak, ingenieritza-teknika bigunak erabiltzea, edota harri-lubetez osatutako ezpondetan aldazken landatzeak. Era berean, lanak baliatuko dira eremuan atzemandako espezie inbaditzailea erauzteko (Arundo donax).

