Joan edukira

    Martuteneko zubi berriaren egitura, instalatzeko prest

    Argitalpen-data: 

    Martuteneko zubi berriaren egituraren infografia

    Martutenen Urumea ibaia zeharkatuko duen zubi berriak ondoko foto muntaketan ikusten den itxura izango du. Uraren Euskal Agentziak piloteak eta zubi-brankak eraiki ditu. Horietan kokatuko da Martuteneko zubi berriaren egitura, dagoeneko eraikita dagoena. Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren aurreikuspenen arabera, «egungo lan-erritmoei eusten bazaie eta eguraldiak eragozten ez badu, egitura berria maiatzean muntatu ahal izango da».

    «Horri esker, URAk egitura berria prestatu eta horren egokitzapen urbanistikoa burutu ahal izango du, tartean, egitura hormigoiztatzea, barandak eta zoladura jartzea, karga-probak ekainean egin ahal izateko. Horrela, irailean zabalduko litzateke zubia oinezkoentzat eta ibilgailuentzat» esan du sailburuak.

    Martuteneko obrak Urumeako uholdeen aurkako lanen baitan egin dira (1. fasea). Ibaiaren 850 metroko tarte bat bideratuko da, uraldiak auzo donostiar horretatik arazorik gabe pasa daitezen 500 urteko errepikatze-denborako tartean. Horrela, segurtasun-maila nabarmen igoko da lehengoko egoerarekin alderatuta.

    Proiektatutako bideratze-jarduerez gain, ibaia zeharkatzen duten egiturak kendu eta ordezkatuko dira: Martuteneko zubia kendu da; Pilarreko oinezkoen pasarela kendu da eta haren ordezkoa instalatu da, bertatik pasatzen zen Añarbeko ur zikinen kolektorea punpatzeko sistema barne; eta Añarbeko uren hornidura-sarea ibilgu gainetik kendu da, eta, hilabete batzuen buruan, ibilgu azpian kokatuta egongo da.

    Jarduera horien guztien aurrekontua 19 milioi eurokoa da guztira, eta obrak egiteko epea, berriz, 30 hilabetekoa. Proiektu honek Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF) finantziazioa jasotzen du.

    Ibaia bideratzeko eta egiturak ordezkatzeko proiektuak segurtasuna handituko du uholdeak daudenean, bai Martutenen bertan, bai ibaian gora. Halere, uholdeen aurreko zero arriskua ez da existitzen. Proiektuarekin asko handituko da uholdeen aurreko segurtasuna Martuteneko herritarrentzat.