Euskadi.eus
  1. Zer da URA

Zer da URA

Uraren Euskal Agentzia da Euskadiko uraren arloko agintaritza eskuduna, hau da, Eusko Jaurlaritzaren tresna gure erkidegoko uraren politika kudeatzeko.

Ura oinarrizko eta bizi-ondasun bat da, gure mendeko ekosistemak sostengatzen dituena eta gure ongizaterako zaindu eta kudeatu behar duguna. Balio kalkulaezina duen ondasunaz ari gara, eta lurraldean elkarrekin bizi behar dugu, haren portaera ulertuta, haren espazioa errespetatuz, haren izaera dinamikoa alde batera utzi gabe.

 Euskal herritarren zerbitzura gaude, eta gure lana egoera onean dagoen ur-ingurunea lortzea da. Era berean, muturreko fenomeno naturalak kudeatzen ditugu, hala nola uholdeak edo lehorteak. Uholdeak euskal gizarteak aurre egin behar dion arrisku natural larriena direnez, uholde-arriskuko lurraldean erabilera ahulik ez dagoela zaintzen dugu, eta pertsonak babesten ditugu ibaien balizko goraldien aurrean.

Gure lanaren ardatzak:

  • Uholde-arriskuaren eta lehorteen kudeaketa.
  • Uretako ekosistemen babes integrala, haien kontserbazioaren eta hobekuntzaren bidez.
  • Hornidura unibertsala behar besteko kantitatean eta kalitatean lortzea, uraren ingurumen-balioak zaintzearekin bateragarria, uraren aprobetxamendu jasangarria ziurtatuz eta kentzen den ingurunera behar bezala itzuliz.

Non jarduten du?

Lurralde bat, hiru administrazio hidrauliko.

Euskadiko uraren kudeaketa hiru eskumen-eremutan banatzen da, ibaiak Euskadiko lurraldetik edo autonomia-erkidego batetik baino gehiagotik igarotzen diren kontuan hartuta. Era berean, azken horiek Kantauri Itsasora edo Mediterraneora isurtzen dituzten uren artean banatzen dira.

  • Erkidego arteko arroen kasuan, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak eskumena du erkidego bat baino gehiago zeharkatzen dituzten eta Kantauri itsasoan itsasoratzen diren arroetan (Bidasoa, Urumea, Oria, Nervión, Ibaizabal, Cadagua, Agüera, Karrantza). Ebroko Konfederazio Hidrografikoak eskumena du Ebrora isurtzen duten urak dituzten EAEko arroetan (Omecillo, Baias, Zadorra, Inglares, Araia, Ega eta Errioxa).
  • Ura eskuduna da Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik igarotzen diren arroetan, eta lankidetza estuan aritzen da konfederazioekin EAEko lurralde osoa planifikatzen, administratzen, baimenen araubidea izapidetzen eta zaintzen.

Euskal Autonomia Erkidegoko demarkazioen mapa

Jardun-arlo nagusiak:

  • Uholde-arriskuaren kudeaketa: lurraldeko pertsonen segurtasuna areagotzeko lan egiten dugu, uholde-arrisku naturalarekiko bizikidetza sustatuz, uholdeekiko esposizio berriak prebenituz eta uholde horien eraginpean dauden hiri-inguruneak defendatuz, ahalik eta ingurumen-kalte txikienarekin.
  • Lehengoratzea eta zaintza: Ur-ekosistemen lurraldearen narriadura murrizten eta lurrazaleko ur-masak lehengoratzen eta babestem lan egiten dugu. Helburua ur-masen egoera hidromorfologiko ona lortzea da.
  • Ur-eskaria eta ur erailera: gizartearen uraren erabilera desberdinak eta urteko sasoi bakoitzean uren egoera ekologiko onerako behar diren emariak bateragarri egiten direla zaintzen dugu.
  • Saneamendua: baimendutako isurketak kontrolatu eta kudeatzen ditugu, baimenen baldintzak betetzen direla zaintzen dugu, eta baimendu gabeko isurketak edo isurketa-baimenen baldintzak ez betetzea bezalako jardunbide txarrak zigortzen ditugu. Uren kalitate fisiko-kimikoa zaintzea da kontua.

Azken aldaketako data: