- 2021eko uztailean, Gernikako HUAren isurketa Lamiarango (Bermeo) HUAra konektatu zen Gernika eta Bermeo arteko kolektoreen bidez: 30.000 pertsona baliokideen karga kutsatzailea Urdaibaiko itsasadarretik aterarazteko
- Urdaibaiko saneamendua eta arazketa hobetzeak 125 milioi eurotik gorako inbertsio globala behar izan ditu: Uraren Euskal Agentziak eta Eusko Jaurlaritzak 70 milioi euro inbertitu dituzte dagoeneko, eta inbertsio hori beste 15 milioi eurotan handituko da aurreikusitako obrekin
- Horrek guztiak uren kalitate fisiko-kimikoa nabarmen hobetzea ekarri du, mantenugaien mailak (amonioa eta fosfatoak) nabarmen jaitsi baitira: komunitate biologikoak berreskuratzeko ezinbesteko baldintza
- 2022an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Lamiaran sistemako saneamendu-sareen kudeaketa digitalizatu aurreratuarekin hasi zen, kolektoreen kudeaketaren eraginkortasuna handituz eta euri-denborako gainezkatzeak murriztuz
Oka ibaiaren itsasadarrak mantenugaien (amonioa eta fosfatoak) beherakada nabarmenak izan ditu 2021az geroztik, batez ere itsasadarraren barrualdean, Gernikako HUAren isurketa etetearen ondorioz. 2019an Sukarrietako eta Busturiako isuriak eta 2021eko udan Gernikako HUAko isuriak Lamiarango HUAra konektatzean lortu zen etete hori: bi inflexio-puntu Okako estuarioaren saneamenduan.
Gernikako hondakin-uren araztegia Oka ibaiaren estuarioaren barrualdean zegoen, eta funtzionamendu desegokia zuen. Horren ondorioz, amonio eta fosfato kontzentrazio oso handiak eta gardentasun eta oxigeno disolbatu gutxiko balioak zeuden uretan. Sarritan, eremu horretan, fitoplanktonaren (uretan sakabanatuta bizi diren organismo fotosintetikoak, kate trofikoaren katebegia) eta makroornogabe bentonikoen (ekosistema urtarren hondoan bizi diren organismoak) adierazle biologikoek egoera txarra islatzen zuten, eta horrek 2013-2020 aldian ingurumen-helburuak behin eta berriz ez betetzea zekarren.
Aitzitik, 2021-2022 aldian, Gernikako HUAren isurketa etetearekin batera, egoera fisiko-kimiko oso ona islatzen dute estuarioko hiru kontrol-estazioek: amonio, ortofosfato, nitrato eta oxigeno-saturazioaren batez besteko balioetan oinarrituta. Beraz, egoera nabarmen hobetu da eta ezarritako ingurumen-helburuak betetzen ari dira. Aldaketarik nabarmenenak estuarioaren barnealdean eman dira: amonio mailaren murrizketa % 84koa izan baita eta fosfatoena % 76koa.
Uraren kalitate fisiko-kimikoa hobetzearen ondorioz, Oka ibaiaren estuarioko komunitate biologikoak (fitoplanktona eta makroornogabe bentonikoak) suspertze-zantzuak islatzen hasi dira. Etorkizunean uren egoera fisiko-kimiko ona egonkortu egingo denez, komunitate biologiko horiek bilakaera ona izango dutela aurreikus daiteke, eta horrek, oro har, Oka ibaiaren estuarioaren egoera ekologiko ona lortzea ahalbidetuko du.
Gainera, ingurumen-helburuak lortzeko aurrerapauso horrekin eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren saneamendu-sareen kudeaketa aurreratuari esker, estuarioko hondartzen osasun-egoera, moluskuak ekoizteko eremuen kalifikazioak eta Kontserbazio Bereziko Eremuen kontserbazio-egoera hobetuko dira, zalantzarik gabe, eta, beraz, Urdaibaiko Biosfera Erreserbak lortu nahi dituen helburuak ere hobetuko dira.