Joan edukira

Lamioxin urmaela eta Altubeko ur-jauziak (3,4 km)

 

Lamioxin urmaela eta Altubeko ur-jauziak (Altuberen adarra) Arabako  Lurralde Historikoaren ipar-mendebaldeko koadrantean ditugu, Gorbeialdea eskualdean, Izarratik hurbil, Urkabustaiz udalerrian. Gorbeia Parke Naturalaren erdi-erdian egonda, hara heltzeko, (N-622) Altubeko autobidea hartuko dugu Gasteiz-Bilbo norabidean eta (A-68) autopistaren ordainlekura heldu baino lehen, (A-2521) errepidea, Urduña-Izarra norabidean. 

 

Lamioxin urmaela - Laguna Lamioxin

Ibilbidearen nondik norakoak:

Ibilbidea (A-2521) eta (A-3314) errepideen elkargunean hasiko dugu. Bertatik, (A-2521) errepidearen eskuin aldera lur-bide bat hasten da, ongi seinalatua (GR-282 4.etapa), Lamien osina urmaelera eramango gaituena.

Izan ere, Euskal Herriko Jakintza tradizionalaren arabera, Haiek, uhandre eta miragarriak, urrezko orraziez orrazten zituzten beren adats luzeak ibai eta aintziren inguruetan.

200 bat metro egin eta gero, bitan banatzen da bidexka, eta guk eskuinekoa hartuko dugu.

25 bat minutuan eta haritz, erkametzez eta pagoz betetako basoan, agin batzuk aurkitu bezain laster helduko gara urmaelera.

Urmaelaren ur geldo eta bareak gozaturik, Corraladas ibaiaren uren zalapartaren bila joango gara.

Horretarako, urmaelaren parean hartuko dugu eskuineko pista eta bertan jarraitu bide-sarde bateraino.

Eskuinekoa hartuko dugu (GR-282 4.etapa) artzainen bideari darraiona, Altuberantz.

Aurrerago gure pista eta artzainena banatu egingo direnez guk geureari ekingo diogu.

500 bat metro egin eta gero, pistaren ezker aldeko bidexkatik joango gara, goranzko bihurgune itxi batera heldu baino lehen.

Minutu gutxian, baso sarri bat zeharkatuta, ibai-ikuskizunik paregabeenetakoak gozatuko ditugu: ur-jauzi zoragarriak eta ametsetako osinak, non ura haitz eta landareen ispilu bihurtu den.

Jaitsi

Azken aldaketako data: