Joan edukira

    URAk eta Donostiako Udalak Urumearen uholdeetatik babesteko lanei ekingo diote Loiolan, Kuarteletako lurretan egingo den etorkizuneko garapen berriaren parean

    Argitalpen-data: 

    Sailburua, Donostiako Alkatea eta URAko zuzendari nagusia lanen infografia eskuetan dutela
    • Hitzarmen bat sinatu dute Urumearen beheko tartean erakundeen arteko ekintza bateratua antolatzeko: hiri-ingurune horretan uholde-arriskua murriztea da helburua 
    • Ibaiaren eta hiri-bilbe berriaren arteko integrazioa egokituko da egungo kuartelen lur eremuan: ezponda etzanak eta landareztatuak dituzten ertzak lehengoratzea helburu 
    • Halaber, aurreikusi da Kuarteleterako sarbide-zubia (Urdinzu) ordezkatzea eta ibaiaren ibilguaren zabalera berrira egokitutako zubi berri bat eraikitzea

    Donostiako Udalak eta URAk lankidetza-hitzarmena sinatu dute Loiolako kuartelen inguruan Urumea ibaiaren uholdetatik babesteko eta ingurumena egokitzeko lan-proiektua idazteko. Hitzarmen horren helburua da arautzea zer baldintzatan egingo diren bai Loiolako kuartelen inguru osoan Urumea ibaiaren uholde-arriskuari buruzkoak azterketa hidraulikoak, baita Urumea ibaian Euskotreneko zubiaren eta Espartxoko zubiaren (edo Txomineko zubiaren) artean egin beharreko jarduketak definituko dituen eraikuntza-proiektua ere. Biak ala biak, ibaia igarotzen den hiri-zati hori uholdeetatik babesteko neurri gisa.

    Hitzarmena sinatu ondoren, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, Eneko Goia Donostiako alkateak eta Antonio Aiz Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak kokalekua bisitatu dute eta akordioaren xehetasunak partekatu dituzte.

    Proiektuan zehaztu beharreko jarduketak zabalera handiagoa emango dio ibaiari tarte horretan; horretarako, ibai-parke bat egingo da, berma bat eraikiz: hau da, ibaiertzean egungo kotaren azpitik dagoen espazio bat, ibaiaren eta etorkizuneko hiri-sarearen arteko trantsizioa errazteko. Jarduketa horrekin batera, ibaiaren ingurumen-egokitzapena eta naturalizazioa egin beharko da bi ertzetan.

    Era berean, egungo Kuarteletara sarrera-zubiaren (Urdinzu) ordez,  ibaiaren ibilguaren zabalera berrira  egokitutako beste zubi berri bat eraikiko da: ur askoko ibai-itsasoko gertakarietan, emariak oztoporik aurki ez dezan, eta baldintza berak betetzen dituen bigarren zubi bat ere eraikiko da.

    Jarduketa guztien helburua da ingurune osoko uholde-arriskuaren hedadura eta intentsitatea murriztea, eta, horrez gain, Urumeako ibai-estuarioko tartean ingurumena hobetzea eta hiri-bilbe berri bat sortzeko baldintzak sortzea; ikuspuntu soziala eta ingurumen alorrekoa aintzat hartuz. 

    Hitzarmenaren argitan: 

    • URAk konpromisoa hartzen du beharrezkoak diren azterketa hidrauliko eta uholde-arriskuaren azterketa guztiak egiteko; "Loiolako kuartelen ingurunea Urumea ibaiaren uholdetatik babesteko eta ingurugiro alorreko egokitzapen lanen proiektua" idazteko lanak kontratatzeko eta zuzentzeko; eta kontratazioaren eta lanen zuzendaritzaren ondorengo kostuak bere kontura finantzatzeko borondatea islatu du. 
    • Donostiako Udalak konpromisoa hartzen du Uraren Euskal Agentziari eskura duen eta proiektua idazteko beharrezkoa den informazioa eta dokumentazioa emateko, eta Uraren Euskal Agentziarekin teknikoki lankidetzan aritzeko: hitzarmenaren xede diren azterlanak eta proiektuak egiten diren bitartean. 
    • Proiektua idazteko aurrekontua 300.000 €-koa izango da, BEZa barne, eta 10 hilabeteko epea egikaritzeko. 

    Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak "URAk Donostian egindako etengabeko lana eta konpromisoa" nabarmendu ditu, "Urumean 10 urtez gauzatutako jarduerak bi fasetan eta 32 milioi euroko aurrekontu globalarekin" Martutene defendatzeko jarduna, kasu. Tapiak baieztatu duenez, "URAren konpromisoa da laster, ibaian gora, Astigarraga-Hernani-Ergobia inguruan burutzen ari garen jarduketak osatzea; baina, zalantzarik gabe, Donostiarentzat irekitzen den aukerarik handiena da gaur egun kuartelek okupatzen duten espazioa herritarrentzat berreskuratzea". 

    Tapiak defendatu duenez, "garapen urbanistiko eta hidrauliko berria eskutik helduta joan behar da, Urumea ibaia arazo izatetik aukera bat izatera igarotzeko unea da; gure hiriak hazi egin dira ingurune hidraulikoa behar bezala integratu gabe, urte asko eman ditugu ibaiari bizkarra ematen, orain garaia da berriro aurrez aurre begiratzeko eta aukera-espazio berri gisa ulertzeko; are gehiago Loiolan, kuartelen egungo konfigurazioak ez baitigu aukerarik eman uholde-arriskuaren orbana hobetzeko". Sailburuak aurrera egin du hitzarmenaren esparruan, "URAko talde teknikoa lanean hasi da dagoeneko" Loiola auzorako irtenbide hidraulikorik onena prestatzen, "gainera, Martutenen aldez aurretik lan arrakastatsua egin izanaren bermearekin". Azkenik, Tapiak aurreratu duenez, Okendotegi auzoarentzako ere URA lanean ari da “ez soilik garapen berrien diseinuan, baizik eta gaur egun kontsolidatutako eremuetan ere”. 

    Horri dagokionez, URAk "Donostiako Okendotegi auzoko Errekabeltza errekastoaren egokitzapen hidraulikoaren proiektua" idatzi berri du (behin betiko onespenaren faltan dago), errekaren 300 metrotan zehar funtzio hidraulikoa eta hustutzeko ahalmena hobetzeko, auzoan afekziorik eragin gabe uholde-emarien zirkulazioa ahalbidetzeko, eta ibilguaren eta haren ingurunearen ingurumen-baldintzak hobetzea sustatzeko. 

    Donostiako alkate Eneko Goiak adierazi duenez, URA hitzarmena "Loiolako eremu osoa eraldatzeko lehen urrats eraginkorra da, gaur egun kuartelek okupatzen baitute, eta, beraz, ziurta dezakegu hau dela etorkizuneko auzoaren lehen harria". Goiak azpimarratu duenez, URAk hainbat esku-hartze egin ditu Urumearen ibarrean, Donostiako zatian, "milioi askoko inbertsioekin, eta horiek nabarmen murriztu dute uholde-arriskua. Hala ere, jarduteko gune bat geratzen da: gaur egun kuartelek hartzen dutena, hain zuzen ere. Hitzarmen honen bidez, etorkizunean hiri-espazio berri bat hartuko duen eremuaren uholde-arriskua murrizteko lanak bideratuko ditugu”. 

    Alkatearen ustez, Uraren Euskal Agentziaren esku-hartzeek, arriskua murrizteaz gain, "ibaia hiri-ingurunean hobeto integratzea ahalbidetuko dute, bere potentziala hobeto aprobetxatuz eta ibai-ibilgua hiriaren bizitzan integratuz, irisgarriagoa izan dadin". "Beraz, helburu bikoitza duen esku-hartzea da: segurtasuna hobetzea eta integrazioa eta ibairako sarbidea hobetzea, etorkizunerako amesten hasiak garen auzoan integratuz", adierazi du.

    Loiolako lanen infografia