Joan edukira

Foru Aldundiak eta URAk hitzarmen bat sinatu dute, Manzanos hondakin uren araztegi berri batez hornitzeko obrei ekiteko

Argitalpen-data: 

Manzanoseko lanak gauzatzeko hitzarmena sinatzea
  • Arabako Foru Aldundiak eta Uraren Euskal Agentziak Manzanosen (Araba) saneamendu eta arazketa proiektua gauzatzeko elkarlanean nola jardungo duten arautzen du hitzarmenak 
  • URAk 1,5 milioi euroko inbertsioa egiteko konpromisoa hartu du, eta Aldundiak lizitatu eta eraikiko du azpiegitura hidrauliko berria 

Arabako Foru Aldundiak eta URAk hitzarmen berri bat sinatu berri dute, zeinaren bidez arautzen baitira Uraren Euskal Agentziak berak emandako Manzanosen (Araba) saneamendu eta arazketa proiektua gauzatzeko bi erakundeek izango duten lankidetza baldintzak.

Sinatutako testuan oinarrituta, URAk 1,5 milioi euroko inbertsioa egiteko konpromisoa hartu du, eta Foru Aldundia arduratuko da Manzanosko urak arazteko instalazio berria lizitatu eta eraikitzeaz. Instalazio hori iragazki berde bertikalen teknologian oinarrituko da, lotutako kolektore berrien sarearekin batera.

Proposatutako arazketa sistemak, beste elementu batzuen artean, ihiak landatzen ditu. Errizomek eta sustraiek iragazkia aireztatzeko aukera ematen dute, eta arazketan laguntzen dute, eta horri esker, hondakin uren arazketan mantentze kostu txikiagoa izango da eta instalazioa hobeto integratuko da paisaian.

Aldundiaren konpromisoen artean, honako hauek nabarmentzen dira: jarduketen lizitazioa, kontratazioa eta egikaritzea; obra horiek gauzatzea zuzentzea eta teknikoki ikuskatzea, eta behar diren lursailak lortzea.

Bestalde, URA-Uraren Euskal Agentziak, Manzanosko saneamendu eta arazketa proiektu adostua Arabako Foru Aldundiaren eskura jartzeaz gain, obrak kontratatzeko benetako kostua finantzatuko du, 1,5 milioi eurorekin.

Gaur egun, Manzanosko hondakin urak tratatzen diren lau hobi septikoen arazketa eraginkortasuna txikia denez, egoera kaskarra dago saneamenduari dagokionez, eta, hori konpontzeko, arazketa sistema berri bat eraikiko da Manzanosko gunerako.

Uraren Euskal Agentziak eta Foru Aldundiak sinatutako azpiegitura hidraulikoei buruzko esparru akordioaren (2017-2027) proiektuetako bat da esku hartze hori. Arabako Lurralde Historikoko hornidura eta saneamenduko 2016-2026 Plan Zuzentzailean jasoriko proiektua ere bada.

Ingurumen Saileko foru diputatu Josean Galeraren iritziz, “hobekuntza horrekin beste urrats bat eman da hondakin uren tratamendu egokiaren alde lan egiten, haiek ibilgu naturaletara itzuli aurretik, eta, horrela, Arabako gure ur masen egoera hobetzearen alde egiten dugu, lehentasunezko edo galtzeko arriskuan dauden espezie askoren etxea baitira”.

Bestalde, URA-Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak azpimarratu duenez “ahaleginak batzen jarraitu behar da eta uraren hiri zikloaren kudeaketaren profesionalizazioa Euskadiko lurralde osora hedatu behar da. Zalantzarik gabe, hori baita lurraldeko ur masen egoera ekologiko ona lortzeko modurik eraginkorrena, erresilientzia eta egokitzapena areagotzeaz gain klima aldaketaren aurrean, egoera onean dauden masak lurraldearen bideragarritasuna bermatzea esan nahi baitu”.