Joan edukira

Albisteak

Euskadik aurrera egiten du jasangarritasun-politikak 2030era arte ezarriko dituen Ingurumen Esparru Programaren diseinuan

Argitalpen-data: 

Euskadiko 2030erako Ingurumen Esparru Programaren aurkezpena
  • Arantxa Tapia sailburuak eta programa hori lantzen ari diren adituen ordezkaritza batek hilabete hauetan egindako aurrerapenen berri eman dute, “Lur Bakarra” lemapean bihar ospatuko den Ingurumenaren Munduko Egunaren testuinguruan.
  • Ingurumen Esparru Programak 6 erronka handi ezartzen ditu. Erronka horiei proiektu eraldatzaileen bidez helduko zaie, eta ingurumen-politikak gidatuko dituzte hamarkadaren amaierara arte.
  • Esparru berri horren definizioan euskal gizartearen eremu guztietako 40 adituk kolaboratzen dute.

Eusko Jaularitzak aurkeztu ditu gaur, Ingurumenaren Munduko Egunaren (ekainak 5) bezperan, Euskadiko 2030erako Ingurumen Esparru Programa prestatzeko lan parte-hartzailearen hasierako konklusioak. Programa hori lurralde jasangarriago batera daraman bidea hamarkadaren amaierara arte markatuko duen iparrorratza da.  Aurrerapena Donostian aurkeztu da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiaren eskutik, eta berarekin batera esparru berri horren definizioan hainbat hilabetez lan egin duten lantaldeak koordinatzen dituzten 6 pertsonak egon dira.

2022ko apirilean hasi eta gero, 2030erako Ingurumen Esparru Programa prestatzeko lana prozesu parte-hartzaile batez gauzatu da; bertan, euskal gizartearen eremu guztietako 40 adituk, sei lantaldetan sailkatuta –lantalde bat programari atxikitako erronka bakoitzeko-, ideia berritzaileak proposatu dituzte proiektu eraldatzaileetarako. Talde horiek koordinatzen dituzten eta Tapia sailburuarekin batera ekitaldian parte hartu duten 6 pertsonak honako hauek dira:

  1. Ingurumena beste politika batzuetan integratzea: Itziar Alkorta, UPV/EHUko Udako Ikastaroen Zuzendaria eta Donostia Sustainability Forumaren koordinatzailea.
  2. Osasuna eta ingurumena: Cristina Ortiz de Salido, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Osasun Programen arduraduna.
  3. Jasangarritasun lehiakorra: Jorge Fernández, Orkestra—Lehiakortasunerako Euskal Institutukoaren Energia eta Ingurumen Labaren koordinatzailea  
  4. Kontsumo-eredu kontziente eta jasangarria: Eneko Atxa, Azurmendi taldeko chef eta jabea.
  5. Finantziazio jasangarria: Garbiñe Manterola, BRTA - Basque Research & Technology Allianceko Transferentzia arduraduna
  1. Monitorizazioa eta kudeaketa aurreratua: Mª José Sanz, BC3 - Basque Center for Climate Changeko Zuzendari Zientifikoa

Euskadiko ingurumen-adierazleak azken urteetan nabarmen hobetu badira ere, 2030. urtea dimentsio handiko trantsizio baten bitarteko mugarria da, zeren azken helburua baita 2050ean Euskadi klima-neutraltasunera iristea eta lurralde erresilienteagoa izatea. Helburu horrekin, Eusko Jaurlaritza plangintza-esparru berri hau lantzen ari da, Euskadiko Itun Berdearen ildotik, Euskadiko ingurumen-etorkizuna itxuratzeko eta pertsonei ongizate maila handiagoa eskainiko dien lurralde jasangarriagoa izatera daraman bidea markatzeko.

Erronka eta proiektu eraldatzaileak

Lehenengo fase honetan, lanen aurrerapenaren ardatza izan da ideiak proposatzea, Ingurumen Esparru Programa egituratzen duten erronka bakoitzaren testuingurua eraldatzeko proiektuak diseinatzeari begira.  

Hala, politiken zeharkakotasuna lortzeko erronkaren muina da ingurumen-helburuak beste arlo batzuekin lotzea eta horietan integratzea; adibidez: ekonomia, garraioa eta hezkuntza. Lantzen ari diren ideien artean, honako hauek aipatu daitezke: administrazioaren erosketak bateratzea, ingurumen-irizpideekin egiten direla sustatzeko; edo mekanismo berriak bilatzea ezagutza transferitzeko eta unibertsitateen, enpresen eta Administrazioaren artean konpartitzeko.

Osasun eta ingurumenaren erronkari dagokionez, berriz, asmoa da osasunerako arrisku agerikoak ekartzen dituzten bektore berriak ingurumen-politikan integratzea. Lantzen ari diren ideietako batzuk honako hauek dira: osasunari eta ingurumenari buruzko programak bultzatzea, bai unibertsitatean eta bai lanbide heziketan; edo Euskadiko etorkizuneko agertokiak modelizatzea, larrialdi klimatikoa pertsonen osasunarekin lotuz.

Jasangarritasun lehiakorraren erronkari dagokionez, beraren muina da ekoizpen-sistema aukeraren ikuspuntutik eraldatzea, ekonomia zirkularra eta ekoberrikuntza beraren prozesuetan txertatuz. Lantzen ari diren ideien artean honako hauek daude: ekonomia zirkularrari buruzko ezagutzaren foro bat eratzea, enpresen, zentro teknologikoen eta euskal unibertsitateen arteko triangelu bat sortzeko; euskal ETEek jasangarritasunean sortzen duten inpaktua neurtzeko tresna berriak lantzea; edo enpresen ingurumen-aztarna murrizteko informazioaren kudeaketa bultzatzea.

Laugarren erronkak jasangarritasun-irizpideek gidatutako kontsumo-eredu bat bultzatu nahi du, ekoizpen-ereduarekiko elkarlotura bermatuz. Urtero, kalkulatzen da ekoiztutako janariaren herena kontsumitzaileen edo txikizkako merkatarien zarama-ontzietan ustelduta amaitzen dela, edo alferrik galtzen dela garraio- eta bilketa-praktika txarrengatik. Kontsumo eta ekoizpen jasangarrien gakoa da gutxiagorekin gehiago eta hobeto egitea. Halaber, beste gako bat da hazkunde ekonomikoa ingurumen-degradaziotik desakoplatzea, baliabideen efizientzia handitzea eta bizi-estilo jasangarriak sustatzea. Lantzen ari diren ideien artean, honako hauek daude: herritarrei zuzendutako sentsibilizazio-, prestakuntza- eta informazio-lana bultzatzea; kontsumo jasangarri eta arduratsurako hezkuntza haurtzarotik bultzatzea; edo “ardura” kontzeptua azpimarratzea, ardura indibidualaren eta kolektiboaren batura gisa.

Finantziazio jasangarriaren erronkan, asmoa da euskal finantza-sektorea berrorientatzea, enpresa eta proiektu jasangarriei laguntzeko.  Lantzen ari diren ideietako batzuk honako hauek dira: finantza-sisteman jasangarritasunari buruzko ezagutza aurreratua txertatzea, beraren jarduera eta inbertsioen ingurumen-inpaktuak objektibotasunez neurtu daitezen.

Seigarren erronkak, monitorizazio eta kudeaketa aurreratuarenari dagokionak, erabakiak adierazle sendoetan oinarrituta hartzeko eredu bat abiatu nahi du, ingurumen-helburuen bilakaera eta helburuen betearazpena modu parte-hartzaile eta gardenean monitorizatuz. Erronka honetan lantzen ari diren ideien artean honako hauek ditugu: ingurumen, osasun, gizarte eta ekonomiaren arloetako inpaktuei buruzko datuen integrazioan aurrera egitea; edo “datu irekien” eta “datuen federazioaren” dimentsioetan sakontzea.

Lan parte-hartzailea ez da hemen bukatzen. Izan ere, sei taldeek proiektu eraldatzaileak definitzen jarraituko dute 2022ko udaren amaierara artea, eta lanak ez dira udazkenera arte amaituko, orduan aurkeztuko baitira prozesu parte-hartzailearen emaitzak eta horik ondorioztatutako behin betiko dokumentua.

Ekainak 5, Ingurumenaren Munduko Eguna

Euskadiko 2030erako Ingurumen Esparru Programaren hasierako konklusioen aurkezpena Ingurumenaren Munduko Egunaren bezperan kokatzen da; berau urtero ospatzen da, ekainaren 5ean, eta aurten “Lur Bakarra” lemarekin dator. Kanpaina global horrek aldaketa sakonak eskatzen ditu politiketan, eta, alde horretatik, Euskadik ibilbide luzea eginda du ingurumenaren arloan. Bere anbizio maila igoz joan da klimaren eremuan, eta tresna legegile berriak garatzen ari da, hala nola Trantsizio Energetiko eta Klima-aldaketari buruzko etorkizuneko Euskal Legea, gaur egun tramitatzen ari dena; baita berriki onartutako plangintza-tresnak ere, hala nola Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plana, Ekonomia Zirkularraren eta Bioekonomiaren Plana, edo Erosketa Berdearen Programa, beste batzuen artean.

Euskadiko 2030erako bosgarren Ingurumen Esparru Programak ahalbidetuko du garapen-eredu bidezko eta jasangarri baterantz aurrera egiten jarraitzea. Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Itun Berdearen bitartez bultzatzen du eredu hori, European Green Dealaren ildo beretik, alor ekonomikoa, soziala eta ingurumenarena orekatzeko helburuarekin, industria eta teknologia palanka nagusitzat hartuta.