Joan edukira

Arabako Foru Aldundiak eta URAk hitzarmen bat sinatu dute Sobrongo horniduraren 3,3 kilometroko eroanbide tarte bat eraikitzeko

Argitalpen-data: 

Sobrongo lanak gauzatzeko hitzarmenaren sinatzea
  • Arabako Foru Aldundiak eta Uraren Euskal Agentziak (URA) Lantarongo lehen mailako hornidura sarea hobetzeko lanen baitako jarduera hori gauzatzeko elkarlanean nola jardungo duten arautzen du hitzarmenak 
  • URAk 3,2 milioi euroko inbertsioa egiteko konpromisoa hartu du, eta Foru Aldundiak azpiegitura berria lizitatu eta eraikiko du 

Gasteiz, 2022ko urriaren 5a. Arabako Foru Aldundiak eta URAk hitzarmen berri bat sinatu berri dute 3,3 kilometro luzeko ur eroanbide bat egiteko lankidetza akordioaren baldintzak arautzeko. Lantarongo hornidura sistema elikatzen duten zundaketetako baten, zeina baitago Ebro ibaiaren urtegiaren ondoan, eta Sobrongo gunearen artean (Playa auzoa) egingo da lan hori. 

Helburua da Arabako Lantaron udalerriko zenbait gunetan (Sobron, Bergonda, Fontecha eta Larrazubi) horniduraren segurtasuna eta kalitatea handitzea, bai eta etorkizunean hornidura sistema Lantarongo udalerriko beste gune batzuetara eta industrialdera bertara zabaltzen laguntzea ere. Aurreikusita dago, halaber, epe ertainean beste udalerri batzuetako guneetara iristea, hala nola Espejora edo Ribabellosara. Bestalde, sistemak ur gordinaren emari jakin bat beste erabilera batzuetarako desbideratzea ahalbidetuko du. 

Inbertsio horri Arabako Foru Aldundiak Larrazubi-Fontechako andel berria eraikitzeko eta Sobrongo herrigunetik biltegiraino iristen diren 7,5 km-ko luzerako eroanbideak berritzeko inbertitutako hiru milioi euroak gehitu behar zaizkio. Sobrongo zundaketaren aurretiko egokitzapena ere Uraren Euskal Agentziak egin zuen lehenago. 

Ondoren, Foru Aldundiak edateko uren araztegi berria eta buru biltegia eraikiko ditu Bergondan. Horri esker, hartutako uretan dagoen burdina eta manganeso edukia muga onargarrietaraino murriztu ahal izango da, eta banatutako uraren kalitatea hobetu. 

Ez dugu ahaztu behar zundaketa hau baliabide estrategikoa dela lurraldean, bere izaera surgenteatik eta daukan emari handiagatik, 100 l/s ingurukoa baita; gainera, iraganean ur mineral eta sendagarri gisa katalogatuta zegoen. 

Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusi Antonio Aizen iritziz, “jarduketa berri bat da segurtasun hidrikoaren eta klima aldaketaren aurreko erresilientziaren arloan, erakundeen arteko lankidetza estuaren emaitza izaki”. Inbertsioari eta ahaleginen hitzarmenari esker, hornikuntzaren berme unibertsala lortuko da lurraldean, behar besteko kopuruan, kalitate egiaztatuarekin, eta kudeaketa profesionalizatua eskatuko du, eraginkortasunez eta efizientziaz kudeatu ahal izateko”. 

Hartara, Josean Galera Ingurumen Saileko foru diputatuarentzat, “2016-2026 aldirako Arabako Hornidura eta Saneamenduko Plan Zuzentzailean identifikatutako beharrari erantzungo zaio, hau da, Sobrongo zundaketatik hornidura sistema berriro martxan jarri beharrari, tokiko hornidura sistema txikien kalitate baxua eta emari urria direla eta, agorraldian, zisterna kamioien laguntzarekin osatu behar izaten baita”. 

Galerak etorkizuneko jarduketari balioa eman dio, izan ere, “horren bidez, eskualdeko hornidura sistemari sendotasun handiagoa ematea lortuko da”. 

Sinatutako testuan oinarrituta, URAk 3,2 milioi euroko inbertsioa egiteko konpromisoa hartu du, eta Aldundia arduratuko da azpiegitura berria lizitatu eta eraikitzeaz

Aldundiaren konpromisoen artean, honako hauek nabarmentzen dira: aipatutako obrak kontratatzea, zuzentzea eta ikuskatzea; behar diren lursailak lortzea, eta Sobrongo hornidura sistema konektatu eta zerbitzuan jartzeko beharrezkoak diren beste obra batzuk, hala nola Sobrongo andel berria, ura edangarri egiteko estazioa eta andel burua.

Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plana - Europar Batasunak finantzatua – NextGenerationEU